sábado, 18 de junio de 2016

Aloña: Oñatiarron zaindari

EUS

Aloña edo Gorgomendi da Oñati herria (Gipuzkoa) babesten duen mendi nagusia. Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren bihotzean kokatuta, 1244 metroko garaiera du eta bi igoera nagusi ditu: Arantzazuko Santutegitik eta Urtiagainetik (Urtiagain Jatetxearen ondoan, Arantzazurako bidean 3. kilometroan) baina oraingo honetan, azken bide hau beste une baterako utzi eta Arantzazutik doan ibilbidean jarriko dugu arreta.




Arantzazuko Santutegitik Aloñako tontorrera

Datuak:

- Distantzia: 8.65km gutxi gorabehera (joan/etorri)
- Desnibel +: 500m
- Zailtasuna: erraza
- Zorua:
   - Arantzazuko aparkalekutik 1. bidegurutzera = hormigoia
   - 1. bidegurutzetik Duruko pistara iritsi arte = lurra, harria
   - Pistatik Durura = hartxinga (gravilla), belarra, lurra
   - Durutik 5. bidegurutzera = belarra, hartxinga (gravilla)
   - 5. bidegurutzetik ALOÑAra = hormigoi baldarra, belarra


Arantzazuko Santutegi parean aurkitzen den aparkalekuan autoa utzita Parketxera eramango gaituzten eskailerak igoko ditugu. Behin parketxera helduta, hau ezkerretara utziko dugu eta gorantza doan bideari segiko diogu Gomiztegira doan bide egokitura iritsi arte.




Bide egokituan gaudela, honi segiko diogu lehenengo bidegurutzera iritsi arte.





Eskubiko bidea hartuta, maldan gora hasiko gara poliki-poliki igotzen. Erne bagoaz lurrera begira, maskor itxurako fosil bat aurkituko dugu (ea aurkitzen duzuen... aurkituz gero bidali argazkia!). Lehen izerdiak botata, bigarren bidegurutzera helduko gara...




Duruko bideari jarraituz, arnasa berreskuratzeko tartetxo bat izango dugu azken maldari ekin aurretik...



Azken malda amaitu baino lehen, hirugarren bidegurutze batera helduko gara. Puntu honetan aurreneko etxolak ikusiko ditugu. Bidegurutzean ezkerretara egingo dugu pistara heldu arte. Pistan metro eskas batzuk ibili ostean, eskubirantz eta gorantz hasten den lurrezko bidezidor (4. bidegurutzea) bat ikusiko dugu. Berori hartuko dugu Durura iristeko.




Eta honela DURUra iritsiko gara...




Durun, berriro pistarekin egingo dugu topo bosgarren bidegurutzera heldu artean. 



Goiko irudian ikusi daitekeenez, bidegurutzean (5. bidegurutzea) ezkerreko bidea (puntu gorriz adierazita) hartu behar dugu ALOÑAra joateko baina, bada lasterbide bat (puntu urdinez adierazita) ere, lehenxeago edo geroxeago ALOÑAra garamatzan bide berdinarekin elkartuko dena. Eta hemendik aurrera, azken bidegurutzean hasi dugun hormigoizko bide astun eta pikortsuak lagunduko digu ia tontorra ukitu artean.







Azken irudi honetan apreziatu daitekeenez, ALOÑArako igoerako azken zati honek ez du inongo misterio ez zailtasunik, hormigoizko bidea jarraitzea da erreboltara iritsi arte. Hemen bi aukera ditugu: alde batetik, bidea jarraitu (puntu gorriz adierazita dago) edo bigarren aukera, belarretatik doan bidea hartzea izango litzateke (puntu urdinez adierazita). Bai batak eta bai besteak tontorreraino eramango gaitu. 

Aloñako tontorrera helduta, sakon arnastu alde batera begiratu, bestera, ipar, hego, zein ekialde, mendebalde, paisaia zoragarriz inguratuak gaudela ohartuko gara. Udalaitz, Anboto, Oiz mendia, Gorbeia, Txindoki, Izarraitz eta Euskal Herriko beste hainbat tontor ezagun ikus daitezke.





Sasoirik onena bertara igotzeko udaberri-uda dela gomendatuko nuke. Eta askok honen zergatia jakin nahiko duzue. Hona hemen arrazoiak:

- Alde batetik eguna luzeagoa da beraz, lanetik berandu irtenez gero, oraindik argi-ordu batzuk geratzen zaizkigu egunerokotasunetik aldegin eta gorputzari astindu on bat emateko. 

- Garai honetan tenperaturak goxoagoak dira baina ez dezagun ahaztu jakaren bat tontorreko haize finari aurre egiteko (batez ere denbora luzez bertan egon nahi badugu).

Baina nik gomendatzen dizuedana hau da: etxean ogitarteko bat prestatu, ura hartu, frontala edo linterna hartu, jaka bat sartu motxilan eta arratsaldeko zazpirak zazpi t'erdiak bitartean Aloñako bideari ekin gero tontorrean ilunabarraz gozatzeko!!! Zoragarria da!!! akaso, eta zortea zuen aldeko badago, animalia gautarren bat ikusteko aukera ere izan dezakezue. Guk azeriarekin egin genuen topo... hau zortea!!! Behin afalduta eta eguzkia gordeta, etxera itzultzeko garaia da. Frontala edo linterna piztu eta martxa! bide berdinetik... ikusiko duzue gauez mendian ibiltzeak ere baduela bere xarma berezia... bai horixe!!!





Beno lagunak, artikulotxo honi amaiera emateko ordua iritsi da. Baina aurretik, ALOÑAko igoerako track-a zintzilikatuko dut norbaitek wikiloc-en (mugikorrean), gps-an edo erlojuan sartu nahi izanez gero. Zuen lagungarri izango delakoan agurtzen naiz!


MILA ESKER!!!











No hay comentarios:

Publicar un comentario