jueves, 17 de diciembre de 2015

Eguzkilorea


Eguzkilorea, Euskal Herriko ikur garrantzitsuenetako bat da eta baserri zein etxeetako atarietan ikusi ohi dugu. Baina zein da bere esanahia? eta, zertarako erabiltzen da? Euskal Herria mitologia aldetik oso aberatsa da, eta eguzkiloreak ere ba du bere tokia esparru honen barruan.


Eguzkilorea 


Lurraren sorreran, gizakia haitzuloetan bizi zen. Euskal Herria mendiz, soroz eta basoz osatua zegoen. Ez zen eguzkirik existitzen, ezta ilargirik, ondorioz, gizakia, iluntasun iraunkor batean bizi zen gaueko izakiak jaun eta jabe ziren lurralde batean. Gizakia, erabat etsiturik, Amalurrengana jo zuen arazo izugarri hura konpontzeko laguntza eskean. Amalurrek izaki argidun bat sortzea erabaki zuen: ilargia. Honela, gizakiak uste zuen, ilargiak igortzen zuen argiak gaueko izakiak izutuko zutela, baina ez zen horrela izan. Izaki beldurgarri haiek ilargiaren argitasunera berehalaxe ohitu bait ziren. Gizakia lur jota eta bigarrengoz, Amalurrengana joan zen laguntza eskean eta honek, beste izaki bat sortu zuen, non, bere argia, ilargiarena baino askoz ere indartsuagoa zena; eguzkia hain zuzen ere. Denborak aurrera egin ahala gizakia lehen baino erosoago sentitzen hasi zen lurrean, zeren, gaueko izakiek ez bait zuten eguzkiaren argitasuna batere gogoko baina, gaua iristean, izaki maltzur haiek Euskal Herria zeharkatzen zuten iparraldetik hegoaldera eta mendebaldetik ekialdera era guztietako okerkeriak eginez. Gizakiak burumakur, berriz ere Amalurrenganako bidea hartu zuen. Pentsakor eta arazo honi amaiera emateko asmoz, Amalurrek lore eder bat sortu zuen, eguzkilorea. Lore hau baserrietako atarian zintzilikatuz gero, etxe barrura sartu aurretik lorearen orriak zenbatu behar zituzten, eta aski jakina denez, izaki hauek ez zekiten ongi zenbatzen eta sarri nahasten ziren zenbaki artean, horregatik, berriro hasieratik hasi behar ziren zenbatzen eta honela, oharkabean, egunsentiko lehen eguzki izpiak gailentzen ziren gauari bizkarra emanez, eta honela, izaki zantar haiek berain leizeetarako bideari ekiten zioten gizakia pakean utziz.




No hay comentarios:

Publicar un comentario